domingo, enero 21, 2007

PSIKOMOTRIZITATEA LEHEN HAURTZAROAN.


Henri Wallonen teoriaren ideia nagusi batzuk erabiliko ditugu psikomotrizitatearen mamia argitzen joateko. Haren ustez, nortasuna da norberaren mailaren, maila hori gauzatzean dugun inguruko zirkunstantzien eta zirkunstantzia horiekin erlazionatzeko gaitasunaren emaitza bateratua. Naturak agindutako haurraren haziera organoa, heltzea ahalbidetzen duena, handitzeaz arduratzen da. Haziera organoaren funtzionatzeko joera biologikoa da heltzea, eta nerbio sistemaren menpean dago beti. Helduz gero, funtzionatzen hasiz gero, portaeraren errepikapena dator, eta ikaste prozesua zabaltzen du, eta bide batez, heldutasuna bera areagotzen. Beraz, giza garapena hazieraren, heltzearen eta ikastearen emaitza bateratua da.

Psikomotrizitatea giza garapeneko esku-hartze modura uler daiteke. Ondorioz, osagai biak –garapena eta esku-hartzea– aztertu beharko dira, objektua eta helburua bereiztuz. Psikomotrizitatearen helburua haurraren garapena da, eta esku-hartzearen helburua, berriz, garatzen laguntzea. Abiapuntua dimentsio ebolutiboa da; haurraren garapenaren ezaugarriak, bilakaera eta gaur egungo adierazpenak ezagutu behar dira sakonki. Aurrekoak baldintzaturik, dimentsio didaktikoa dator; psikomotrizitatean aritzen denaren zeregin zehatzak haurraren berehalako maila gauzatzeko zirkunstantziak zaintzea eta berarekiko harreman baikorrari laguntzea dira. Beste era batera esanda, psikomotrizistok beharrezkoa dugu saioak dinamizatzeko, mementoko errealitate fisikora eta sinbolikora egokitzeko gaitasuna.

Wallonen arabera, lehen haurtzaroaren funtzioa giza espeziearen prototipoa betetzea da. Hau da, biziaren lehen hiru urteen amaierarako, bizitza osoan zehar garatuko ditugun gaitasunen eta bizipenen mamia edo lehen eredua gauzatzen da. Horregatik du horrenbesteko garrantzia aldi horrek, hasitako prozesuek bigarren haurtzaroan zehar tinkotzen, sendotzen eta malgutzen jarraitzen badute ere. Lehen eredu horren ezaugarri fisikoak aztertuko ditugu lehenik: erreflexuetatik borondatezko jardueretara, hau da, oinez, korrika eta jauzika egitera eta eskuak menderatzera. Emozioak eta giza harremanak elkarren segidan datoz, gizakiok genetikoki sozialak garelako, Wallonen arabera. Besteak ase behar ditu jaioberriaren eta haurtxoaren beharrizanak. Honela, bien artean lotura afektiboa sortzen da. Giza taldeetan historikoki estimulu fisikoen gain giza estimuluak –sinbolikoak eta moralak– txertatu direnez, hizkuntza eta horrek hasieran gidatutako pentsamendua sortuz prototipoa osatuz doa.

Psikomotrizitatearen helburua giza garapenari laguntzea bada, haurraren garapen zirkunstantziak eta berarekiko harremanak zaindu behar ditugu bereziki.

JOLAS SINBOLIKOA.


Umeen jolasetatik nabarmengarriena jolas sinbolikoa dugu. Sei urte arte nagusia da.

Jolas honen bidez, umeak tentsioak eta afektuzko nahiak bideratzen ditu;
Piagetek dionez, umeari barruko arazoak konpontzeko, beharrak betetzeko eta errolak aldatzeko balio zaio jolas honek.

"Panpin txokoan" momentu horretan behar duen errola hartzen du. Aitaren jokaera, jantzia, hizkuntza har dezake. Bere errealitateko ala fantasiazko mugak jartzen dizkie besteei eta berari ere.

Jolas sinbolikoaren bidez, ikasketa ezberdinak lortuko ditu umeak. Adibidez: sukaldean, janari prestatzean jolasten, haurrak koordinatzen, manipulatzen ikasiko du. Lehengaiak ezagutuko ditu, janari gordin eta egosien arteko ezberdintasunaz konturatuko da.

Haurtxoa zainduko du eta sarritan berau izango da. Maitasuna, harremanak aurkituko ditu eta abar.

Sinbolizazio-prozesu hau hizkuntzaren aurrerapenetan datza. Hizkuntzak beste lagunekiko akordioak ahalbideratzen ditu. Helburu komunak, errolak, jolasen arauak umeak onartzen dituela esan nahi du kolaborazio honek.

BIDEOJOKOAK HEZITZEKO EGOKIAK DIRA?


Osasunarentzat kaltegarri dira? Bideojokoek epilepsia atakeak eragiten dituztela zabaldu zenetik, fabrikatzaileek foiletoak eransten dituzte bilgarrian eta alderdi horri buruzko oharrekin eta informazio interesgarria eskaintzen diote kontsumitzaileari. Hala ere, barruan informazio garrantzitsua datorrela besterik ez da adierazten azalean eta informazioaren garrantzia kontuan izanda, bideojokoa erosi aurretik eskuratu behar lukete informazioa gurasoek.

Bideojokoekin jolasean ari ziren haurrengan epilepsia kasuak gertatu badira ere, eguneroko giroko edozein argi keinukarik edo irudi argitsuk eragin lezake hori. Epilepsia duen haurrak jolas egin dezake bideojokoekin, baina espezialistari kontsulta egitea komeni da.

Jostailu seguruak dira? 1990/06/29 Errege Dekretuak, jostailuen segurtasun arauei buruzkoak, kanpo uzten ditu bideoaren monitorera konekta daitezkeen eta 24 volteko tentsio izendatuz elikatzen diren bideojokoak. CONSUMERek azterturiko euskarrietatik lau (Nintendo 64, PlayStation, Dreamcast eta ordenagailu pertsonalak) lege horretatik kanpo geratzen dira erabiltzeko telebistako monitorea ezinbesteko dutelako, Game Boy salbu, horrek betetzen baititu segurtasun neurriak. Gainerako guztiak arautu gabe daude. Horrenbestez, gurasoek horien erabilera gainbegiratzea komeniko da.

Menpekotasuna sortzen dute? Jostailua erosi eta lehen asteetan sarritan gertatzen da erabiltzailea (haurra) bideojokora "engantxatzea", baina gero gutxiago erabiltzen du. Astean hiru edo lau orduz bideo kontsolarekin jolasean aritzea normaltzat jotzen da, baina denbora hori beste jarduera batzuekin orekatzea da garrantzitsuena. Gurasoek kontrolatu egin behar dute seme-alabek bideo kontsolarekin egiten duten denbora, haurrak edo gaztetxoak isolatzeko joaera baldin badu eta soziabilitate arazoak azaltzen baditu; kasu horretan posible baita bideojokoa ihesbide gisa erabiltzea.

Jokoaren bitartez tentsioak askatzea, taldeko kidetasuna sendotzea eta arrakastaren ondorioz nork bere burua gehiago estimatzea izan daitezke joko mota honek menpekotasuna eragiteko arriskuaren arrazoi. Eta bestalde, hartzaileentzat erakargarri diren gaiak eta irudiak izaten dituzte eta entretenigarri eta atsegin gertatzen dira.

Indarkeria bultzatzen dute? Bideojokotan espezializaturiko hainbat aldizkarik, jokoak zenbat eta indarkeria handiagoa izan, orduan eta gehiago goraipatzen dituzte. Eta fabrikatzaileek bideojokoaren erabiltzaileen adinaz ematen duten informazioa ez da beti zuzena izaten. Seme-alabek erabiliko dituzten bideojokoen edukia kontrolatu egin dute gurasoek, baina ulertzen jakinda eta inposaketarik gabe.

Fabrikatzaileek aipatutako adina dela etaBideojokoa seme edo alabarentzat egokia den ala ez kezkaturik izaten dira gurasoak. Haurraren adinaren arabera, bideojoko batzuk besteak baino egokiagoak izango dira (edukia, kontrabaloreak, eragiten duen menpekotasun maila... direla eta) eta, beraz, funtsezkoa da bideojokoen bilgarrian joko bakoitza zein adin-tartetarako den adieraztea.

sábado, enero 20, 2007

BEHARRA APETA BAINO GEHIAGO.



Egunean zehar haurrekin jolasteko tartea izatea haren garapenean elikadura bezain garrantzitsua da. Hala ere, gure seme-alabekin jolastea ez da lan erraza. Gurasoentzat aspergarria da batzuetan eta eguneroko bizitzan aparteko ahalegina eskatzen die, gero eta estres gehiago eta denbora librea urria nagusi diren garai honetan. Hiru urte bete arte jolasa oso garrantzitsua da, izan ere garai horretan haurrek euren artean ez dute horrenbeste jolasten -hasieran txikiegiak direlako eta ondoren jolasaren mundua deskubritzeko gurasoak nahiago dituztelako. Ildo honi jarraituz, ikasketa askok erakusten dute haurtzaroan jolasa batasunaren oinarri bihurtu duten familiek nerabezaroan arazo gutxiago izan dituztela. Baina oso asmo onak eduki daitezke eta jolasa erakargarri eta onuragarri nola bihurtu ez jakin.

Jolasaren ezaugarriak:

Denbora pasa edo jostagarri huts izateaz gain, heldutasuna iristen denerako bizitzaren ikaskuntza prozesutzat jotzen da jolasa. Gurasoek ere badute beste kezka bat: telebista ez dadila haurren jostagarri bakarra izan. Bi faktoreak kontuan hartuta, gurasoak konturatu dira jolasa bultzatu eta nola jolastu ikasi beharra dagoela. Jolasteko beharra berezkoa da, 1959ko Haurtzaroren Eskubideen Deklarazioak hala dio bere zazpigarren artikuluan: jolasa eskubide unibertsala da, haurren ongizateari begira dagoen garapen kulturalaren ebidentzia. Jolasa zehazten duten ezaugarriak ondorengo hauek dira:

-Jolasa atsegingarri eta dibertigarria da.

-Jolasaren motibazioak bere baitan geratzen dira eta ez daude beste helburu batzuen zerbitzura. Hain zuzen ere, bitartekoen atsegingarri da helburu zehatz bati begirako ahalegina baino gehiago.

-Jolasa borondatezkoa eta berezkoa da, inoiz ez derrigorrezkoa.

-Jolasten duenaren aldetik parte hartze aktiboa eskatzen du.

-Lasaitasuna eta poztasun emozionala eskaintzen du badakigulako jolasa baino ez dela.

Aldez aurretik ez dago ezer ikasi beharrik.

MUSIKA ETA HEZIKETA.




Hizkuntza oso inportantea da, mugimendua oso inportantea da eta musikaterapia oso inportantea da. Musikaren helburua ez da musikariak sortzea, berez etorriko dira. Musika bizitzea da, eta musikaz baliatzea zure inhibizioak eta ezinak gainditzeko, komunikatzeko gogoa sortarazteko. Terapia gogorra da, baina isila. Umea ez da ideologoa, eta hitzak soinuagatik esanahiagatik baino gehiago hartzen ditu. Estilo bat da. Kontuan izan behar dugu haurraren komunikazio beharra. Umeak bere erritmoa, bere pultsazioa du, bere-berea du. Bere erritmo horrek esaten dio besteekin bat egitea oso larria dela, baina hala ere umeak aurre egin behar du eta umeari lagundu egin behar zaio aurrera egiten. Hau da gure sistemaren gunea, hau da, haurra nolakoa den asmatzea. Nolako pultsazioa, nolako nortasuna duen asmatzea, gizarteratu edo eskolaratu aurretik.

Musikaren bidez haurrekin bat egiten dugu. Musikak duen erritmoaz komunikatzen da haurra.
Beraz, musika komunikazio tresna bat da: "Musika da haurrak eta guk hitz egiten dugun hizkuntza komuna. Haurrak bere erritmoa erakusten digu eta guk bere erritmoa erabiltzen badugu komunikazioa oso erraza da. Baina gure helburua ez da haurra hemendik ateratzen denean "zuk bibolina jo behar duzu" edo "pianoa jo behar duzu" erabakitzea. Bi oinarri ditugu gaur egun, esate baterako, Txirula Mirulan: batetik, euskararen berezitasuna, eta bestetik, musikoterapia edo psikomotrizitateko ariketen bidez haurra laguntzea.

Haurrarentzat amaren hitzak musika dira, gure hitzen doinua musika da, haurrak melodia baino lehenago gure hitzen grazia eta gure erritmoa sentitzen duelako. Euskarak, pentsa, zenbat erritmo eta musika dituen".

UMETOKITIK ENTZUTEN DENA.



Fetua umetokian dagoenean ere, neurri batean, kanpokoa entzuteko gai da. Bitxia, ezta?
Horixe da, hain zuzen ere, ikertzaile-talde batek ardiak aztertuta ondorioztatu berri duena. Izan ere, ardien eta gizakien umetokiek antzeko akustika dute.

Ikertzaileen arabera, fetuak ongi bereizten ditu soinu baxuko hotsak, bokalak adibidez, ez, ordea, kontsonanteak, horiek soinu altukoak baitira. Eta pianoko notekin ere gauza bera gertatzen da, soilik nota baxuak bereizten ditu.

Horrekin lotuta, helduek musika-mota bat edo beste jartzeko ohitura dute haurdunaldian fetuaren entzumena garatzeko. Orokorrean, musika lasaia jartzen diete.


Beraz, aurrerantzean adi ibili haurdun dagoen emakume baten aurrean zer esaten duzuen! Izan ere, fetuak elkarrizketaren zati bat entzun dezake.

HAURRAREN LEHENENGO URTEAK JOLASEAN.


Lehenengo urtea:

Jarrera ludikoak haurra jaiotzen denetik hor daude. 8 hilabete bete arte gorputza du jostailu eta batzuetan baita bere arreta bereganatzen duen oso gertuko gauzaren bat ere. 9 hilabetetik aurrera, eskuz atzeman dezakeen guztia da jostailua eta harengan eragin dezakeela konturatzen denean, ekintza behin eta berriz errepikatzen du.

JOLASAK:

• Imitazioa oinarrizkoa da. Minutuak igaro ditzakete soinuak, txaloak eta mugimendu errazak errepikatuz.
• Hamabi hilabete inguru izandakoan, haur handiagoekin lau hanketan ezkutaketan eta harrapaketan jolastea gustatzen zaie gehien.
• Pilotari begiratzen die arretaz, etorkizuneko jolas askotan lagunduko diena. Pilotak nahikoa handia izan behar du, ahoan ez kabitzeko modukoa.
• Kaxa batean gauzak sartu eta ateratzea oso dibertigarria iruditzen zaie, beraiei begira egonez gero batez ere eta zuzen egindakoan euren arrakasta aitortuz.

Hiru urte bete baino lehen:

Haurrak esna igarotzen duen denboraren %60 adin honetan jolasari eskaintzen dio, edo horrela izan beharko luke, behintzat. Zehaztapen hau Espainiako Pediatria Elkarteak eginiko oharra da. Haiek diotenez gure haurrek gero eta gutxiago jolasten dute eta euren aisia ekintza pasiboagoekin betetzen dute, telebista eta bideojokoetan oinarrituta batez ere. Adin tarte honetan, halaber, jostailuak eskura eduki arren, adinekoen presentzia ezinbestekoa da. Haurrak oraindik ez du jolasteko adin berekoen presentzia eskatzen; espazioa eta baita jostailuak ere partekatu ahal izango ditu beste haur batzuekin, baina haiek ez dute bere jolasean parte hartzen.

JOLASAK:

Pilota funtsezkoa izan ohi da jolasean. Harrapaketan jolastea asko gustatzen zaie eta baita abestu eta dantza egitea ere, poliki-poliki gorputzeko atalez espresioa lantzen hasten dira...


Hiru urtertik aurrera:

Haurrak umetxo izateari utzi dio eta adin beretsua dutenekin erlazionatzen hasten da, jolasak haiekin partekatu nahi ditu eta gurasoekiko independentzia handiagoa lortzen du. Bakarrik jolastuz luze entretenitzeko gauza da, hori dela eta, gurasoen jolas denbora ipuinaren irakurketak ordezkatu behar du.

viernes, enero 19, 2007

NON ETA NOLA IKASI.




Hasiera batean, haurrak jolasa erabiliko du ikasteko. Jolasaren bitartez, bere irudimena garatuko du eta, horri esker, munduaren eta bere buruaren errepresentazio fantasiosoak egiteko gai izango da, horietatik abiatuz joango delarik mundu erreala ezagutzen. Jolasean, haurrak nagusien rolak antzezteko aukera izango du, imitazioaren bitartez. Beraz, oso garrantzitsua izango da, zer ikusten duen zer ikasten duen ezagutzeko. Hala ere, errepresentazio horiek aldaketak jasango dituzte, haurrak bere parekoekin elkarbanatzen dituenean, eta besteen errepresentazioak ezagutzen dituenean, hau da, gizarteratzen dituenean.

Jolasaren bitartez lorturiko garapen horretaz gain, haurrek, batez ere eskolan izango dute ikasteko aukera. Bertan irakaslearen irudia guztiz garrantzitsua izango da. Irakasleak bi funtzio izango baititu batez ere haurraren garapenari begira. Lehenik eta behin, ikasketa-sistemak ezarritako ikasgaien ezaguera eskainiko die haurrei. Eta bigarren bat, lehenak adinako garrantzia izango duena, alegia: irakasleak haurrari berezko gaitasun eta nortasuna garatzeko eskainitako aukera. Hau da, haurrak berez dituen galderak edo nahiak ezagutu eta garatzeko aukera izan beharko du. Haurrari eskolan, ezarritakotik harantzago joaten irakatsi beharko diogu, bere nahi eta galderak bere kabuz erantzun ditzan. Baina, beti ere gure laguntzarekin. Hau da, ikasten irakatsi egin behar diogu, bere kasa egoera berrietara moldatzeko gai izateko; kontziente izan dadin, ikasitakoa egokia izan daitekeela beste prozesu batzuetara aplikatzeko eta arazoei irtenbide berriak bilatzeko.

Horretaz gain, kontutan izan behar da eskola, munduaren errepresentazio txiki bat, haurrak bizi duen gizartearen isla, izango dela. Horrela izanik, eskolaren errepresentazio horretan gustuko ez dituen gauzak aldatzeko aukera izango du eta gero ikasitakoa mundu errealera itzultzeko aukera izan. Beraz, haurraren ikasketa-prozesuaren garapenerako, garrantzitsuak izango dira: berezko gaitasuna, gurasoen laguntza, gizartearekiko elkartrukea (bere parekoekin) eta eskola.

Ikasketa-sistema ezberdinak lehenago aipaturikoaren haritik, munduko herrialde guztietan ez dute haur eta nerabeek aukera berdina beren garapenean. Izan ere, arrazoi ugarik mugatzen baitute zenbait herrialdetako ikasketa-sistema: ezberdintasun kulturalak, baldintza ekonomiko nahiz geografikoak, politikak... Argi dago, munduan zehar errealitate ezberdin ugari topa ditzakegula, eta beraz, ugari izango direla baita ere ikasketarekiko edo garapen intelektualarekiko errealitateak. Hala ere, dena kontra duten herrialde horietan, ikasketa-sistema alternatiboak sortzen ari dira jendearen esfortzuari esker. Jakin baitakite, garapen intelektual eta pertsonal egoki batek neurri batean askeago bihurtuko dituela, beren etorkizunaren jabe izateko aukera gehiago izango dituztela, aukera gehiago dituztenen itzalera bizi beharra izan gabe. Esfortzu horren adibideetako bat Mexikon topa dezakegu, bertako zenbait herritan, arazo ekonomikoak zirela medio ezin zituzten behar adina irakasle eduki eta hori dela eta, telesecundarias deritzon sistema eratu zuten 60ko hamarkadan: Sistema honen bitartez, herri ezberdinetako haurrek ikasteko aukera izan zuten telekonferentziei esker. Urteen buruan sistema hau hobetzen joan da eta gaur egun, estatuko beste ikasketa-sistemen parekoa da, eta horrenbestez, Hego Ameriketako beste herrialde batzuetara ere zabaldu dute. Azken finean ikasketa-sistema ezberdin horien guztien helburua berdina da, haurren garapen egokia lortzea.

Zergatik ez dute ikasi nahi?Haur eta nerabeak hazkuntza-prozesu horretan beren identitatea garatzen ari dira. Baina, horretarako identifikazio-iturri egokiak behar dituzte. Gaur egun, identifikazio-iturri horien egokiera zailago bihurtzen ari da. Izan ere, orain dela urte batzuk haur edo nerabeak familia-giroan topa zezaketen identifikazio-iturri hori. Baina, familiaren egituraketa guztiz aldatu da azken urteetan. Estruktura berri horietan hutsune ugari nabari dira: batez ere gurasoen bizitza-erritmoak eraginda nerabe edo haurrek beren nortasunarekin lotuta dituzten galderei erantzuteko denborarik ez dute hartzen. Horretaz gain, denbora falta horren ondorioz, gurasoek bi jarrera hartu ohi dituzte beraiekiko: Autoritatea eta permisibitatea. Bestalde, eskolaren estrukturazioa ere aldatu egin da. Orain irakasleek haur eta nerabeekin erlazio egokiak garatzeko denbora eta aukera gutxi dituzte. Hori dela eta, eskolan ere nerabeek ez dute identifikazio positiborako aukerarik izango. Horrek guztiak identifikazio-irudiak beste nonbait bilatzera behartzen ditu, hala nola telebistak sorturiko idolo irrealetan: norbait izateko -futbolaria, abeslaria, liraina.- eta helburuak lortzeko edozer egiteko prest dagoena. Bestalde, normalean telebistak, ikasle zein irakasleen irudia guztiz negatiboa irudikatzen du.


Horretaz guztiaz gain, oso garrantzitsua izango da haurrak gugan adibide bat ikustea, gu eredu izatea. Halaber, helduok gure bizitzan zehar ikasteko aukera dugu, eta askotan beraiengandik ikasiko ditugu gauza berriak, beraz, guk ere ez dugu ikasketa-prozesu hori alde batera utzi behar.

JOLASAREN GARRANTZIA GURASOEN ETA HAURREN ARTEKO KOMUNIKAZIOAN.


Esaldi esanguratsu batekin laburbildu daiteke jolasaren eta haurren gizarteratzearen arteko harremana: "jolasak hartu-emana eragiten du eta harremanik gabe ez dago jolasik".

Oinarri horretatik abiatuta, bi ideia nabarmendu behar dira. Lehen ideiak dio gizarteratzeko bitarteko oso garrantzitsua dela jolasa, bultzatu egiten ditu haurrak beste pertsonekin harremanak izatera; elkarreragin horren bitartez jarduera asko egiten dituzte, eta horrek gizarteratzea errazten du. Ikerketak egin izan dira jolasak haurren gizarteratzean duen eragina aztertzeko, eta diotenez, irudikapen jolasak (oso umetatik egiten dituzte haurrek jolas horiek eta inguruan duten mundua irudikatzen dute) direla medio ikasten dute haurrek edadetuen gizarteko bizitza nolakoa den, baita giza harremanak nola arautzen diren ere. Jolastu ahala, komunikatu egiten dira eta elkarreragintza dago haurren artean; euren modukoekin harremana izateak mesede egiten dio komunikazio ahalmenari, eta garatu egiten dute beren kasa elkar laguntzeko ahalmena ere, gizartean jokatzeko arauak ikasten baitituzte eta beren burua ezagutzen ere bai ( "gizartearekiko Nia" osatzen du haurrak, jolas lagunek berarekiko duten irudian oinarrituta). Motzean esanda, jolasa oso garrantzitsua da komunikatzeko eta gizarteratzeko, jolasaren ildotik murgiltzen dira haurrak dagokien gizartera.

Ordea, jolasa ez da modukoekin edo kidekoekin soilik erabili beharreko bitartekoa, izan ere, balio handia du guraso eta haurren arteko harremanak ere; hori ere bitarteko oso garrantzitsua da komunikatzeko eta elkar eragiteko. Hari horregatik helduko diogu hasierako esaldiaren edo oinarriaren bigarren zatiari, hau da, "harremanik gabe ez dago jolasik" esaldiari; esaldi horrek azpimarratzen du jolasak gizartean duen zergatia. Ildo horretatik betiere, jolasa ikertu dutenek aipatu dute haurrek biziaren lehen hileetan gurasoekin egiten dituzten jolasei eskerrak moldatzen dutela kolaserako ahalmena (amak kukuka jolas egiten duenean, pure koilara haurraren ahora bidean hegazkin bihurtzen den jolas harremanean dagoela haurren jolasen jatorria. Horregatik nabarmendu nahi dut gurasoen eta haurren jolasek biziaren lehen hileetan duten garrantzia haurraren garapenean. Atsedenerako denbora izaten da sasoi honetan, oporretan haurrak ez daude jada eskolan eta gehiago mamitzen dute gurasoekin, senideekin edo familiarekin. Sasoi honetan hartu-eman gehiago izaten dute haurrek eta gurasoek, eta jolasak eragin indartsu izan dezake komunikazioa eta familiako harremana hobetzeko; eta ez da txikienekin bakarrik jolastu behar, baita adin nagusiekin eta nerabeekin ere.


Kirol jokoak (pilota, goma, soka- saltoa, bizikleta...), abilezia eta erreflexu jolasak (diaboloa, kanikak, taba edo ziba), irudikapen edo imitazio jolasak (panpinak, medikuak, pelikulak, zirkua...), mahai gaineko jolasak (dominioa, hiru lerroan osatzea, partxisa), hizkuntz jolasak (ikusi- makusi, asmakizunak edo aho korapiloak...), sormena lantzekoak ( eraikuntza, marrazkia, margolaritza...)... jolas horiek guztiek dute lekua familiaren testuinguruan, eta gurasook haurren gustura egokitu behar ditugu jolasak, euren unenan uneko beharretara, euren adinera... Haurren jolasa bultzatzea haien jola proposamenak onartzea da, eta baita jolas berriak proposatzea ere. Gurasoek aski dute euren umetako jolasak haurrei erakustea, eta haurrek, era berean, adiskideei erakutsiko dizkiete; modu horretan, belaunaldiz belaunaldi iraungo du jolasen ezagutza horrek.

Sustatu beharreko jolasei dagokionez, era guztietako jolasak proposatzea da egokiena hasiera batean behintzat, mota askotako esperientziak izatea bultzatuko duen jolasak; gorputza osatzen lagunduko duten jolasak, zentzumena lantzekoak, adimena, komunikazio ahalmena, emozioak agertzea landuko duten jolasak. Sexu rola nabarmentzen duten jolasak proposatzea ez da komeni; izan ere, panpinekin jolas egiteak amaren jokabideak irakasten badizkie neskei, mutilei ere irakasten dizkie aitari dagozkionak. Elkar lagundu beharreko jolasak erakustea onena, guztiek parte hartuko duten jolasak, komunikazioan sakontzen dutenak eta honako oinarri izan dezatela betiere: nork bere burua onartzea, elkar laguntzea eta konpartitzea; jolasgunearen leku askea konpartitu behar dute, borrokak aparte utzita...

Haurraren jolasera moldatzea izan daiteke beste iradokizun bat gurasoentzat, horretarako barruan duten haurra baliatuz; malguak eta toleranteak behar dute izan, jolasa askatasuna baita ororen gainetik, norberak "nahi duena nahi erara" egiteko askatasuna, jolastu nahi den jolasa aukeratzeko askatasuna, jolas lagunak aukeratzeko askatasuna, baita jolas tresnak aukeratzekoa ere... jolasa askatasuna eta nahi denhura egitea da batik bat.

JOLASEN GARRANTZIA.




Jolasa denbora galtzearekin lotzen ziren garaiak atzean geratu dira. Egun hezitzaile eta adituen artean jolasaren garrantzia askotan nabarmentzen da. Jarraian, hizkuntza, kultura, gizarte eta haurren garapenerako jolasak duen garrantziaz hiz egingo dugu.
  • Jolasak, hizkuntzaren normalizaziorako tresna:


Jolasa, ekintza askea izateaz, gain, ezagutzak oharkabean jasotzeko tresna ezin hobea da, hizkuntza barneratzeko tresna, besteak beste. Alde batetik, hizkuntza formala lantzeko erabili daitekeen teknika da; baina, batez ere, hizkuntza ez formala sustatzeko da baliagarria. Hau da, euskara kalera ateratzeko modu bat da: abestiak, esamoldeak, hiztegia...


Nabarmentzekoa da jolasaren bitartez hizkuntzaren erabilera ludikoa ahalbidetzen dela; horrek berebiziko garrantzia du hizkuntzaren normalizazio prozesuan. Euskaraz jolas egiten ondo pasatuko du haurrak, gustura sentituko da, eta jarduera dibertigarriekin lotuko du euskara. Gainera, euskarak, normalizazio prozesua gauzatzeko, bizitzaren arlo guztietan presentzia behar du, baita jolasetan ere. Haurrak ikusi behar du euskara bizitzako esparru guztietan erabil dezakeela, ez duela erdal erregistroetara jo beharrik jolasteko behar dituen esamoldeak edo esaerak aurkitzeko.

  • Jolasak, kulturaren transmisiorako tresna:

Jolasteko moduaren bidez herri baten identitatea tranmititzen da; eta haurren artean, kultura sormen eta tranmisio handiena jolastuz bideratzen da. Euskal jolasek Euskal Herriko ohiturak ezagutzeko aukera ematen dute: garai batean zertan eta nola jolasten ziren, zer baliabide erabiltzen zituzten, non jolasten ziren...


Beste hainbeste esan daiteke jolas jarduera horietan erabiltzen ziren esaera eta esamoldeei buruz, abesti, dantza eta ipunei buruz, horietako asko erdaraz erabiltzen baitira egun. Beraz, laburbilduz, euskal jolasak Euskal Herriko historia hurbila ezagutzeko bide zuzena direla esan daiteke.



  • Jolasen gizarte balioa:

Hainbat arrazoi medio (gutxiago jolasten dute haurrek herri edo auzoetako karriketan, jostailuen merkataritzak eragin basatia du, lehiakortasun akademikoen gizarte delakoan bizi gara...), jolas libre edo bat- batekoa desagertzen joan da. Orain dela denbora gutxi arte erabiltzen ziren jolasak galtzen joan dira, tranmisio naturalaren katea eten egin baita (familia, kalea), eta gehienek oso gune zehatzetan eta ozta-ozta iraun dute.


Produktibitatea helburu dugun gizarte honetan, helburua produktu bat sortzea ez duen beste edozein jarduera denbora galtzetzat hartzen da. Horixe da aisialdiak eta jolasak apurtu nahi duen uste okerra, jolasa denbora irabazteko bitarteko bat baita. Euskal jolasa ezkutuan dagoen altxortzat jo daiteke, eta altxor horrek jolaserako espazioa eta denbora berreskuratu eta jolasak sortzeko gaitasuna sustatzeko aukera emango digu.



  • Jolasak, haurraren garapenerako tresna:

Helduen ikuspegitik, jolasa garrantzi handiko elementua da haurraren garapenaren hainbat alderdi lantzeko. Jolasa garrantzizkoa da haurraren gorputzaren hazieran. Haurrak bere giharrak dantzan jartzen ditu jolasean egiten dituen mugimenduekin.


Jolasak gauzak aurkitzen eta esperimentatzen ere laguntzen du. Haurrak distantzia eta espazioa kalkulatzen ikasten du, gauzak eta jostailuak manipulatuz; eta euren forma, neurri, tenperatura eta bestelako elementuez ohartzen da. Pentsamendua ordenatzeko ere lagungarri da haurra denboran kokatzen da, espazioaren nozioak barneratzen ditu, bere hipotesi propioak egiaztatzen ditu, eta ezagutzak lantzen ditu. Azkenik, balio terapeutiko ere izan dezake. Egunerokotasunetik ihes egiteko aukera ematen du, eraberritzea eragiten du, eta gordeta dagoen energia guztia askatzen laguntzen du.






jueves, enero 18, 2007

ABESTI ETA ERRIMAK.


Gogoratu beharra dago abestiak eta errimak ohikoak direla haurren bizitzan, eskolan nahiz kalean edo etxean. Oso erakargarriak dira eta hizkuntzarekin jolasteko aukera ona eskaintzen digute. Irakatsi eta ikasteko prozesuan hurbilketa erreala eskaintzen dute eta soinua, erritmoa eta doinua barne hartzen dituen hizkuntz eredu bat ematen dute. Askotan mugimenduekin batera abesten edo esaten dira (txaloak, mugimenduak, dantzak eta abar). Horrela, haurrak motibatzeaz gain, hauek errazago jarraitzen eta gogoratzen dituzte.

Era berean, abestiak oso egokiak dira saioa girotzeko eta, horregatik, saioetan beti erabiliko dira. Ahal den neurrian, une horretan lantzen ari den ipuinari lotuta egongo dira. Gainera, beste kasu batzuetan ere erabil daitezke, hala nola ikastetxeak antolatzen dituen jaialdietan, beste ikasgela batzuetan egin beharreko antzezpenetan eta abar.
Abestia edo errima berria denean, saioaren laugarren fasean erabiliko da. Luzea bada zatika erakutsi ahal izango da (egunero zati desberdin bat). Lehen egunean ikasleek behin edo bitan entzungo dute, espezialistak egiten dituen keinuak eta mugimenduak errepikatuz. Ikasleek ikasten dutenean, saioaren bigarren fasean landuko da. Aurretik landutako errimak eta abestiak ere sistematikoki gogoratuko dira.

miércoles, noviembre 08, 2006

NIRE BLOGAREN AURKEZPENA.




Iepa!! Hau nire bloga da eta hemendik aurrera hemendik komunika gaitezke e!! asike badakizue guztiok idazten hasi.
Blogg honetan, haurrentzako jokuak eta euskal abestiak sartuko ditut, izan ere, hauentzat ezin bestekoak direlako. Horrela haurrak jokuen eta kanten bidez gauza berriak ikasiko ditu, mugimendu ezberdinak aplikatuko ditu, ingurua eta ingurukoei errespetatzen ikasiko du, bere kulturaren ezagutza handitu eta beste kulturetako jokuak ikasiko ditu...
Beraz, honek duen garrantzia ikusita, hemen ikusi ahal izango dituzue gai honi buruzko infomazio eta artikulu dezente. Horrez gain, jokuak eta Euskal kantak ere bertan zintzilikatuko ditut.