viernes, enero 19, 2007

NON ETA NOLA IKASI.




Hasiera batean, haurrak jolasa erabiliko du ikasteko. Jolasaren bitartez, bere irudimena garatuko du eta, horri esker, munduaren eta bere buruaren errepresentazio fantasiosoak egiteko gai izango da, horietatik abiatuz joango delarik mundu erreala ezagutzen. Jolasean, haurrak nagusien rolak antzezteko aukera izango du, imitazioaren bitartez. Beraz, oso garrantzitsua izango da, zer ikusten duen zer ikasten duen ezagutzeko. Hala ere, errepresentazio horiek aldaketak jasango dituzte, haurrak bere parekoekin elkarbanatzen dituenean, eta besteen errepresentazioak ezagutzen dituenean, hau da, gizarteratzen dituenean.

Jolasaren bitartez lorturiko garapen horretaz gain, haurrek, batez ere eskolan izango dute ikasteko aukera. Bertan irakaslearen irudia guztiz garrantzitsua izango da. Irakasleak bi funtzio izango baititu batez ere haurraren garapenari begira. Lehenik eta behin, ikasketa-sistemak ezarritako ikasgaien ezaguera eskainiko die haurrei. Eta bigarren bat, lehenak adinako garrantzia izango duena, alegia: irakasleak haurrari berezko gaitasun eta nortasuna garatzeko eskainitako aukera. Hau da, haurrak berez dituen galderak edo nahiak ezagutu eta garatzeko aukera izan beharko du. Haurrari eskolan, ezarritakotik harantzago joaten irakatsi beharko diogu, bere nahi eta galderak bere kabuz erantzun ditzan. Baina, beti ere gure laguntzarekin. Hau da, ikasten irakatsi egin behar diogu, bere kasa egoera berrietara moldatzeko gai izateko; kontziente izan dadin, ikasitakoa egokia izan daitekeela beste prozesu batzuetara aplikatzeko eta arazoei irtenbide berriak bilatzeko.

Horretaz gain, kontutan izan behar da eskola, munduaren errepresentazio txiki bat, haurrak bizi duen gizartearen isla, izango dela. Horrela izanik, eskolaren errepresentazio horretan gustuko ez dituen gauzak aldatzeko aukera izango du eta gero ikasitakoa mundu errealera itzultzeko aukera izan. Beraz, haurraren ikasketa-prozesuaren garapenerako, garrantzitsuak izango dira: berezko gaitasuna, gurasoen laguntza, gizartearekiko elkartrukea (bere parekoekin) eta eskola.

Ikasketa-sistema ezberdinak lehenago aipaturikoaren haritik, munduko herrialde guztietan ez dute haur eta nerabeek aukera berdina beren garapenean. Izan ere, arrazoi ugarik mugatzen baitute zenbait herrialdetako ikasketa-sistema: ezberdintasun kulturalak, baldintza ekonomiko nahiz geografikoak, politikak... Argi dago, munduan zehar errealitate ezberdin ugari topa ditzakegula, eta beraz, ugari izango direla baita ere ikasketarekiko edo garapen intelektualarekiko errealitateak. Hala ere, dena kontra duten herrialde horietan, ikasketa-sistema alternatiboak sortzen ari dira jendearen esfortzuari esker. Jakin baitakite, garapen intelektual eta pertsonal egoki batek neurri batean askeago bihurtuko dituela, beren etorkizunaren jabe izateko aukera gehiago izango dituztela, aukera gehiago dituztenen itzalera bizi beharra izan gabe. Esfortzu horren adibideetako bat Mexikon topa dezakegu, bertako zenbait herritan, arazo ekonomikoak zirela medio ezin zituzten behar adina irakasle eduki eta hori dela eta, telesecundarias deritzon sistema eratu zuten 60ko hamarkadan: Sistema honen bitartez, herri ezberdinetako haurrek ikasteko aukera izan zuten telekonferentziei esker. Urteen buruan sistema hau hobetzen joan da eta gaur egun, estatuko beste ikasketa-sistemen parekoa da, eta horrenbestez, Hego Ameriketako beste herrialde batzuetara ere zabaldu dute. Azken finean ikasketa-sistema ezberdin horien guztien helburua berdina da, haurren garapen egokia lortzea.

Zergatik ez dute ikasi nahi?Haur eta nerabeak hazkuntza-prozesu horretan beren identitatea garatzen ari dira. Baina, horretarako identifikazio-iturri egokiak behar dituzte. Gaur egun, identifikazio-iturri horien egokiera zailago bihurtzen ari da. Izan ere, orain dela urte batzuk haur edo nerabeak familia-giroan topa zezaketen identifikazio-iturri hori. Baina, familiaren egituraketa guztiz aldatu da azken urteetan. Estruktura berri horietan hutsune ugari nabari dira: batez ere gurasoen bizitza-erritmoak eraginda nerabe edo haurrek beren nortasunarekin lotuta dituzten galderei erantzuteko denborarik ez dute hartzen. Horretaz gain, denbora falta horren ondorioz, gurasoek bi jarrera hartu ohi dituzte beraiekiko: Autoritatea eta permisibitatea. Bestalde, eskolaren estrukturazioa ere aldatu egin da. Orain irakasleek haur eta nerabeekin erlazio egokiak garatzeko denbora eta aukera gutxi dituzte. Hori dela eta, eskolan ere nerabeek ez dute identifikazio positiborako aukerarik izango. Horrek guztiak identifikazio-irudiak beste nonbait bilatzera behartzen ditu, hala nola telebistak sorturiko idolo irrealetan: norbait izateko -futbolaria, abeslaria, liraina.- eta helburuak lortzeko edozer egiteko prest dagoena. Bestalde, normalean telebistak, ikasle zein irakasleen irudia guztiz negatiboa irudikatzen du.


Horretaz guztiaz gain, oso garrantzitsua izango da haurrak gugan adibide bat ikustea, gu eredu izatea. Halaber, helduok gure bizitzan zehar ikasteko aukera dugu, eta askotan beraiengandik ikasiko ditugu gauza berriak, beraz, guk ere ez dugu ikasketa-prozesu hori alde batera utzi behar.

No hay comentarios: