viernes, enero 19, 2007
JOLASAREN GARRANTZIA GURASOEN ETA HAURREN ARTEKO KOMUNIKAZIOAN.
Esaldi esanguratsu batekin laburbildu daiteke jolasaren eta haurren gizarteratzearen arteko harremana: "jolasak hartu-emana eragiten du eta harremanik gabe ez dago jolasik".
Oinarri horretatik abiatuta, bi ideia nabarmendu behar dira. Lehen ideiak dio gizarteratzeko bitarteko oso garrantzitsua dela jolasa, bultzatu egiten ditu haurrak beste pertsonekin harremanak izatera; elkarreragin horren bitartez jarduera asko egiten dituzte, eta horrek gizarteratzea errazten du. Ikerketak egin izan dira jolasak haurren gizarteratzean duen eragina aztertzeko, eta diotenez, irudikapen jolasak (oso umetatik egiten dituzte haurrek jolas horiek eta inguruan duten mundua irudikatzen dute) direla medio ikasten dute haurrek edadetuen gizarteko bizitza nolakoa den, baita giza harremanak nola arautzen diren ere. Jolastu ahala, komunikatu egiten dira eta elkarreragintza dago haurren artean; euren modukoekin harremana izateak mesede egiten dio komunikazio ahalmenari, eta garatu egiten dute beren kasa elkar laguntzeko ahalmena ere, gizartean jokatzeko arauak ikasten baitituzte eta beren burua ezagutzen ere bai ( "gizartearekiko Nia" osatzen du haurrak, jolas lagunek berarekiko duten irudian oinarrituta). Motzean esanda, jolasa oso garrantzitsua da komunikatzeko eta gizarteratzeko, jolasaren ildotik murgiltzen dira haurrak dagokien gizartera.
Ordea, jolasa ez da modukoekin edo kidekoekin soilik erabili beharreko bitartekoa, izan ere, balio handia du guraso eta haurren arteko harremanak ere; hori ere bitarteko oso garrantzitsua da komunikatzeko eta elkar eragiteko. Hari horregatik helduko diogu hasierako esaldiaren edo oinarriaren bigarren zatiari, hau da, "harremanik gabe ez dago jolasik" esaldiari; esaldi horrek azpimarratzen du jolasak gizartean duen zergatia. Ildo horretatik betiere, jolasa ikertu dutenek aipatu dute haurrek biziaren lehen hileetan gurasoekin egiten dituzten jolasei eskerrak moldatzen dutela kolaserako ahalmena (amak kukuka jolas egiten duenean, pure koilara haurraren ahora bidean hegazkin bihurtzen den jolas harremanean dagoela haurren jolasen jatorria. Horregatik nabarmendu nahi dut gurasoen eta haurren jolasek biziaren lehen hileetan duten garrantzia haurraren garapenean. Atsedenerako denbora izaten da sasoi honetan, oporretan haurrak ez daude jada eskolan eta gehiago mamitzen dute gurasoekin, senideekin edo familiarekin. Sasoi honetan hartu-eman gehiago izaten dute haurrek eta gurasoek, eta jolasak eragin indartsu izan dezake komunikazioa eta familiako harremana hobetzeko; eta ez da txikienekin bakarrik jolastu behar, baita adin nagusiekin eta nerabeekin ere.
Kirol jokoak (pilota, goma, soka- saltoa, bizikleta...), abilezia eta erreflexu jolasak (diaboloa, kanikak, taba edo ziba), irudikapen edo imitazio jolasak (panpinak, medikuak, pelikulak, zirkua...), mahai gaineko jolasak (dominioa, hiru lerroan osatzea, partxisa), hizkuntz jolasak (ikusi- makusi, asmakizunak edo aho korapiloak...), sormena lantzekoak ( eraikuntza, marrazkia, margolaritza...)... jolas horiek guztiek dute lekua familiaren testuinguruan, eta gurasook haurren gustura egokitu behar ditugu jolasak, euren unenan uneko beharretara, euren adinera... Haurren jolasa bultzatzea haien jola proposamenak onartzea da, eta baita jolas berriak proposatzea ere. Gurasoek aski dute euren umetako jolasak haurrei erakustea, eta haurrek, era berean, adiskideei erakutsiko dizkiete; modu horretan, belaunaldiz belaunaldi iraungo du jolasen ezagutza horrek.
Sustatu beharreko jolasei dagokionez, era guztietako jolasak proposatzea da egokiena hasiera batean behintzat, mota askotako esperientziak izatea bultzatuko duen jolasak; gorputza osatzen lagunduko duten jolasak, zentzumena lantzekoak, adimena, komunikazio ahalmena, emozioak agertzea landuko duten jolasak. Sexu rola nabarmentzen duten jolasak proposatzea ez da komeni; izan ere, panpinekin jolas egiteak amaren jokabideak irakasten badizkie neskei, mutilei ere irakasten dizkie aitari dagozkionak. Elkar lagundu beharreko jolasak erakustea onena, guztiek parte hartuko duten jolasak, komunikazioan sakontzen dutenak eta honako oinarri izan dezatela betiere: nork bere burua onartzea, elkar laguntzea eta konpartitzea; jolasgunearen leku askea konpartitu behar dute, borrokak aparte utzita...
Haurraren jolasera moldatzea izan daiteke beste iradokizun bat gurasoentzat, horretarako barruan duten haurra baliatuz; malguak eta toleranteak behar dute izan, jolasa askatasuna baita ororen gainetik, norberak "nahi duena nahi erara" egiteko askatasuna, jolastu nahi den jolasa aukeratzeko askatasuna, jolas lagunak aukeratzeko askatasuna, baita jolas tresnak aukeratzekoa ere... jolasa askatasuna eta nahi denhura egitea da batik bat.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario